Baztan Ikastolako Hezkuntza proiektua euskararen erabileran oinarritzen da. Komunikatzeko eta hezkuntza komunitatearen arteko harremanetan tresna nagusia da.

EUSKARAZ HEZI eta EUSKARAZ BIZI.

Ikasleen heziketa geletatik kanpo ematen baita, ikasleak euskaraz bizi dira, gure bailarako ekintza eta ekitaldi aunitzetan parte hartzen dute eta gure kultura eta folkloretako erakusleak dira.

IDAZKETA eta IRAKURKETA

Irakurketa eta idazketa dira, dudarik gabe eskolan garrantzi handia duten bi arlo, ikasketen oinarria direlako. Hori dela eta, azken urte hauetan irakurtzen eta idazten irakasteko-ikasteko modua berritzen edo gaurkotzen saiatzen ari gara metodologia berriak aplikatuz.

Metodologia honen arabera eskolak eta eguneroko bizitzak lotura handia izan behar dute. Eskolan, gizartean erabiltzen diren testu berberak landu behar dira, horiek izango baitira ikasleek irakurri eta idatziko dituztenak. Hortaz, irakurketa eta idazketa testuen bidez lantzen dira hasiera hasieratik. Hau da: eskutitzak, errezetak, zerrendak, oharrak, berriak, informeak, ipuinak, erreportajeak, etab... Hasiera hasieratik testu mota desberdinak ezagutzen joaten dira, testu errealak erabiliz. Modu honetan irakurketa eta idazketaren funtzionalitateaz jabetzen dira.

Beraz, ez dugu testu liburua bakarrik erabiltzen, bertze informazio iturriek bere lekua dute geletan. Liburutegiaren erabilpena ere bultzatzen dugu, bai gelakoa, bai Ikastolakoa.

Aldi berean, testu mota desberdinak erabiliz (egunkaria, aldizkariak, azalpen testuak) umeen mundua zabaltzen da, gure gizartean gaur egun garrantzia duten gaiak lantzen direlako.

Ahal den neurrian, umeek idazten dituzten testuei funtzionalitatea ematen diegu. Hau da, testu bat idazten dutenean, zerbaitetarako izanen da. Adib: Erreportajea, aldizkari batean publikatzeko. Eskutitzak, bertze eskola bateko ikasleei bidaltzeko. Errezetak, bilduma bat egiteko. Azalpen testuak, liburu bat osatzeko. Ipuinak, kontatzeko, oparitzeko edo bilduma bat egiteko.

INFORMATIKA

Gaur egun gure gizartean informatikak duen garrantzia kontutan izanik hezkuntzak ezin du ohiko metodoak erabiltzen jarraitu, gizartean dauden baliabide informatiko hezitzaileak egonik.

Haurrak txiki txikitatik ordenagailuen erabilera ikasteko aukera izatea nahi dugu.

Hori dela eta, azkeneko urte hauetan Ikastolan ahalegin handia egiten ari gara arlo honetan

gaurkotzeko eta gure ikasleei baliabide hauek eskaintzeko. Ondorengo lerroetan azalduko dizuegu zein diren Informatika arloan ditugun baliabideak eta egiten ditugun lanak.

Baliabideak:

Informatika gela. Ordenagailua liburutegian internet loturarekin, Ordenagailuak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasgeletan, Informatikako programak (KLIK).

 

Lanak:

Haur hezkuntza: Ordenagailua gelan bertan dago. Ikasleek txandaka erabiltzen dute “txoko” batean dagoelako. KLIK eta URTXINTXA programak dira gehien erabiltzen direnak, baina testuak idazteko tresna bezala ere erabiltzen da ordenagailua. (informazio gehiago nahi baduzu, klikatu ezkerreko irudian)

Lehen hezkuntza: Informatika gela erabiltzen dugu zenbait programa lantzeko. Normalean bikoteka aritzen dira eta, matematika, euskara, gaztelania eta ingurune arloak lantzen dira gehienbat.

Ordenagailua testu prozesadore bezala ere erabiltzen dute gure ikasleek eta Internet informazioa bilatzeko.

Horretaz gain, Irakasleak gure Ingurune telematikoa dugu IKASTELE. IKASTELE Nafarroako Ikastola guzien irakasleentzako gunea da. Bertan, gure lanak, ditugun informazio interesgarriak etab... trukatzen ditugu.(informazio gehiago nahi baduzu, klikatu beheitiko irudian)

Haur hezkuntzako bigarren zikloa irakasten da gure Ikastetxean, hau da, hiru, lau eta bortz urteko haurrei dagokiona.

IKASMATERILA - URTXINTXA:

Gure lurraldera egokituta dagoen proiektua da. Haurra bere osotasunean hartzen duen ikasmateriala eskaintzen digu, hau da, haurraren gaitasun guztiak eta arlo guziak era globalizatuan jasotzen ditu.

Hamabi unitate didaktiko daude, bere interesgunea dutenak eta honen arabera sortutako ipuin batez osatuta dago. Interesgune eta ipuinek osatzen dituzten guneen inguruan globalizatuak daude gainerako arlo guztiak: Hizkuntza, Ingurunea, Matematika, Plastika, Gorputz adierazpena, Musika …

 

METODOLOGIA - TXOKOAK

Haur Hezkuntzan ikasle bakoitzaren garapen armonikoa eta globala daukagu helburutzat. Txokoetan jostatuz haurrak autonomoa izaten ikasten du, hau da:

Bere barne mundua eta afektibitatea adieraztea.

Jokoetan autonomia lortzea.

Bere gorputza ezagutzea eta garatzea.

Euskara maitatzea.

Bestearenganako kontzientzia hartzea eta errespetua izatea.

Guzien arazoetaz jabetzea.

 

Irtenbideak bilatzen elkarrizketen bitartez ikastea.

Muga sozialetaz jabetzea.

Bere bibentziak bultzatzea.

Hizkuntza garatzea.

Eskolaurreko, etapako oinarrizko kontzeptuak menperatzea.

Metodologia sistema honetan haurraren interesetatik abiatzen gara: Jolasa eta Helduen munduaren imitazioa, jolasa da gelen egituraren oinarria.

Gela 5 Txokoetan banaturik dago: ETXEA, DENDA, MARGOTEGIA, JOLASTOKIA eta ANTZOKIA.

ETXEA: Helduen munduaren imitazioa,

DENDA: Zenbakien munduan murgiltzen.

MARGOTEGIA: Sormena lantzen.

JOLASTOKIA: Teknologia berrien bitartez ikasten.

Jolasen barruan dauden kontzeptu matematikoak landu eta dagokion hizkuntza ikasi.

ANTZOKIA: Sormena, gorputz adierazpena, egituraketa espaziala, autonomia, sozializazioa eta psikomotrizitate finaren garapena landu.

INGELESA LAU URTEETATIK: “Ready for a story”, Finlandian, Italian, Frantzian, Euskal Herrian, Valentzian eta Katalunian esperimentatu den Ingelerako metodo berria da eta Haur Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago.

Josep Maria Artigalek, bere sortzaileak, metodo honetan parte hartzen duten irakasleekin bi urtez elkarlanean jarduten du.

Ipuin errazak oinarritzat harturik ikasketari ematen diogu hasiera. Hauek antzeztuz, abestiak ikasiz, muralak landuz, jokoak eta fitxak eginez… ikasketak osatuz joaten gara.

Haurrek ez dute Ingelera ikasten, INGELERAZ ikasten dute eta hasieratik emozio eta erranahiez beteriko hizkuntza erabiltzen dute. Hizkuntzak gauza erreal eta motibagarriak komunikatzeko direnean ikasten baitira.

 

TXANELA PROIEKTUAK

Gure Ikastolan Euskal Herriko Ikastolek sortutako ikas materiala

erabiltzen dugu. Lehen Hezkuntzako proiektu hauek, Haur Hezkuntzako Urtxintxa proiektuaren jarraipenak dira, hortaz proiektu guzien artean koordinazio handia dago.

TXANELA – LEHEN HEZKUNTZA OSOAN

Txanela Proiektua 6 - 8 unitate didaktikotaz osatua dago. Unitate didaktiko hauek globalizatuak dira, hau da, gai edo interesgune baten inguruan arlo desberdinak lantzen dira, hala nola: Matematika, Hizkuntzak (euskara, gaztelania, ingelera), Ingurune eta Plastika batez ere.

(informazio gehiago nahi baduzu, klikatu eskuineko irudian)